Munduan badira milioika ikerketa zientziaren inguruan, milioika datu byte sortzen dira egunero mundu osoko laborategi eta teknologia-zentroetan. Baina zientzialari gehienek isolaturik egiten dute euren lana, eta ondorioz, datu gehienak betirako galtzen dira datu-base erraldoietan edo kontratu trinkoen atzean ezkutaturik. Honek guztiak ondorio latzak izan ditzake. Adibidez, gaixo batek 17 urte itxaron beharko ditu batez beste gaixotasunaren genea topatzen den momentutik, sendagaia egiten den momenturaino.
Arazo larri honi aurre egiteko plazaratu zen 2005. urtean Science Commons ekimena, hiru oinarri nagusirekin:
- Ikerketa zientifikoa berrerabilgarria egitea ikertzaileek eta ikerketa-zentroek informazioa elkarbanatu dezaten.
- Informazioa “click” batean eskuragarria bihurtzea: Transferentzia-prozesuak arintzen, ikertzaileek informazioa errazago berregin, egiaztatu eta aniztu dezaten.
- Zatituriko informazioa bateratu: Ikerlariei informazioa topatzen, aztertzen eta erabiltzen laguntzea da beste oinarrietako bat.
Orain gutxi arte banaketa-zerrendak ziren ikertzaileen artean informazioa banatzeko bide bakarrak. Baina komunikazio bide hau guztiz bertikala da, erabiltzaileak ez daude plano berean, eta beraz ez da eztabaida sustatzen. Gaur egun bizi garen jendartean, non ideiak eta informazioa abiada bizian joaten diren, ezinbestekoa da eztabaida hau sustatzea bai ikerlarien artean, baita jendarte osora begira ere. Ikerlarion lanak gizarterentzako zerbitzu baliogarria izan beharko luke, hori lortzeko ikerlariok gizarteak dituen beharrak ulertu behar ditugu, eta aldi berean, gizarteak ikerketak eskaintzen dituen etekinei balio erantsia emateko onura hauek ulertu behar ditu .
Beraz, zientziaren dibulgazio erraza egitea ezinbestekoa da, eta ezin gara geldirik geratu besteek gure lana ikusi eta eztabaidatzera etorri arte, guk geuk, ikerlariok, plazara joan behar dugu, eta gaur egun, herriko plaza Internet da.



Ados zure azken ideiarekin.
Ni Interneten ematen dut eguna, bertan lan egiten dut. Eta nire ustez zuen proiektu guztientzat difusioa eta komunikazioa ezinbestekoa da, bai sozial zein zientifikoa. Badakit zuen lanak aldizkari eta newsletterretan agertzea izaten oi dela helburua, publikazio zientifikoak egitea, liburuak… Eta ez diot horrela izan behar ez denik, baina nire ustez gaur egun zuen lanak ezagutzera emateko biderik errazena eta zabalena Internet da eta probetxu gehiago ateratzen ikasi beharko zenukete.
Badakit baita sortu direla ekimen batzuk eta science commons eta horrelako proiektuak ezagutzen nituen, baina sozializatu egin behar direla uste dut. Argi dago makrokorporatiben interesen arabera mugitzen dela mundua, baina badira ere libreak izan beharko liratekeen ideia eta prozesuak (libreak, ez doakoak)… edo nik behintzat horrela ikusten dut.
Honelako sarrerak eztabaida sortzen lagundu dezakete eta honen inguruan badago zer eztabaidatu. Munduarekin batera mugitzen ikasi beharko dugu denok
Eskerrik asko ekarpenagatik eta ondo segi!
zer gertatzen da blog honegaz??!!! ahaztuta dekozula!!!